Kale arteak bizirik daude eta urtetik urtera indar gehiago dute. Habiatik ateratzeko ordua heldu, hegan egin eta erakusleiho berrietara heltzeko unea. Badatoz, gero eta hurbilago daude, zerua zeharkatu eta Lekeitioko kaleetan barrena izango ditugu laster. Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen jaialdiak 33 edizio beteko ditu eta herritar zein bisitariak harrituta utziko dituen egitaraua aurkeztuko da.
11 ikuskizun kale arteak herrian zabaltzeko
Aurtengoan 11 izango dira Lekeitioko kaleetan zehar ikusi ahalko ditugun Ikuskizunak, herriko gune esanguratsuenetara zein ezezagunenetara kale arteak eramanez. Portugal, Katalunia, Valentziar erkidegoa, Andaluzia, Gaztela eta Leon, Gaztela-Mantxa eta Euskal Herritik etorritako konpainia eta kolektiboak izango ditugu. Haien lanetan kale arteetako alor desberdinak landuko dituzten ikuskizunak izango ditugu, besteak beste, antzerkia, kalejirak, clownak, piroteknia, sormena sustatzeko espazioak edota gogoeta eragingo digutenak. Guzti hauek uztailaren 7, 8 eta 9an ikusi ahalko dira.
Gogora dezagun urtero bezala, jaialdian parte hartzen duten konpainia eta kolektiboak deialdi zabal baten bitartez aukeratuak izan direla. Guztira 406 ikuskizun aurkeztu ziren edizio honetan eta horietatik 10 izan dira aukeratuak. Gainera, garapen edo sorrera prozesuan dauden konpainia baten lana ere izango digu. Hau da, guztira 11 ikuskizunez osatutako jaialdia izango da.
Gehiago irakurri