Gure ibilbidea

Zinemazaleak

Ongi etorri Lekeitioko zinemazaleen elkarteko web-gunera

Hiru eta huts! Hori da gaur egun emaitza.

Denbora erlatiboa dela esaten duten arren, edo horregatik hain zuzen ere, ezin esan dezakegu denbora asko pasa denik Lekeition hiru zine-areto eder izan genituenetik.

Bai, hiru! “Gora-Buru”, “Beitia” eta “Antzoki “ aretoak.

Azken urteotan egon diren aldakuntzen ostean bakarra geratzen zitzaigun lanean, “Ikusgarri” aretoa hai zuzen ere. Zine aretoa kudeatzen zuen enpresak, Fides Nortek, 2013ko abuztuan itxi egin zituen ateak.

Geratzen zitzaigun areto bakarra galdu dugun honetan, asteroko emanaldi ohikoentzat behintzat, zinemazale talde batek bat egin dugu egoera aztertu eta konponbidea eman nahian bat egin dugu.

Zinea: entretenimendua eta ikasketa tresna

Zine Zaleen Elkartea osatzen dugunok uste dugu zinea denpora-pasa atsegina dela, aisia uneetarako entretenimendu ezin hobea. Norbaitek esan zuen bezala, zinea amets fabrika bat da. Ikusleok inoren amets horiek bizitzeko aprobetxatzen dugu gureak bailira bezela, eroso-eroso eserita, batzuetan beldurrez, besteetan barrezka, noizbehinka negarrez, baina beti gozatzen, gehienetan lagun artean.

Baina entretenitzea gutxi ez balitz, zineak badu ahaztu ezin dezakegun beste alde garrantzitsu bat ere: zinea jakintza eta kultura iturri oso aberatsa dugu.

Baloreak transmititzeko balio dezake. Pantaila aurrean ia nahi gabe jasotzen dugun informazioak gure gizarteko eta urruneko gizarteen berri ematen digu. Istorio eta gai ezberdinen harrobi den neurrian, gizakia bera ezagutzeko balio digu.

Zinea hizkuntza propioa duen artea da, teknika ere bada, errealitatearen dokumentua, fantasia,... laburbilduta ESPERIENTZIA HEZITZAILEA DA!

Ikuspuntu hau kontuan hartuta, ume eta gazteentzat, zinea aukera handiak eskaintzen dituen tresna da. Umeak zinezale bihurtu daitezen nahitaiezkoa da zineaz haz daitezen, zinea ikusteko eta gai honetan guraso garenok badaukagu gure erronka.

Gaur egungo teknologiek zinea ikusteko aukera eta modu ugari eskaintzen badituzte ere, zine-lan bat ikusteko modurik aproposena, egokiena, zine aretoko iluntasun samur eta atseginean murgilduta da, inolako interferentziarik gabe.

Zinea tresna pedagogiko interesgarria dela pentsatzen dugun einean, uste dugu zine aretorik gabe geratzeak herriarentzat lehen mailako ekipamendu kulturala galtzea suposatzen duela.

Baina ez genuke nahi, laburrean bada ere, beste alderdi bat ere aipatu gabe utzi zinea ikustea interesgarria bada, egitea ez da gutxiago.

Lekeitiok betidanik izan duen zinezaletasuna aipatu dugu. Zinearekiko motibazio horren arrazoi nagusi bat da: zineaz gozatzeko aukera izan dugula. Aukera hori eskura izan dugu duela gutxi arte, garai batean, esan bezala, hiru areto baitziren herrian.
piratak

Ezin da kasualitatea izan ia berrogei urtetan euskara hutsean ospatzen den Euskalerriko zinemaldi bakarrak gure herrian izatea egoitza

Zineak kreatibitatea zirikatzeko ere balio du. Lekeition ikus-entzunezkoekiko dagoen zaletasuna aipatzekoa da: batzuk arlo profesionalean, beste askok amateur bezala, ugariak dira ikus-entzunezkoen mundu hau jorratzen duten lekeitiarrak.

Zinearen krisia

Aipatu ditugu zineak solaserako eta ikasteko izkutatzen dituen aukera izugarriak. Teknologiak zinea ikusteko modu asko eskeintzen ditu: telebista, bideoa, internet,…

Ezin da ukatu gure gazteek gaur egun zine aretoetan baino horrelakoetan ikusten dutela gehienetan zinea. Pantaila aurreko jarrera ere aldatu egin da gazteen artean: pelikula bat edozein mugikor edo tresna digitaletan ikusten duten artean, beste hiru gauzatan murgilduta egon daitezke. Kontsumo-ohitura berriek bizitza korrika eta presaka bizi behar dela agintzen dute.

Teknologia berriek, bestalde, pelikulen pirateria errazten dute. Zine sarrerak oso garestiak dira, batez ere BEZ zerga 21%-ra igo denetik. Zine aretoak hustutsen ari dira, krisian sartu dira, eta askok ateak itxi behar izan dituzte. Gaur egun merkataritza-guneetara eraman dituzte areto gehienak, zinea kontsumo arineko merkantzia bat bihurtu nahian, egia da digitalizazioak eskatzen duen inbertsioa ere nahiko haundia dela.

Badirudi herrietako zine aretoak negozio txarra direla. Zinemazaleen Elkartekoek uste dugu, topikoa bada ere, zineaz gozatzeko lekurik aproposena zine aretoa dela, bere erritual eta atmosfera bereziarekin.

Gastronomiaz gozatzeko fast-food horietako bat baino lagunarteko txoko bat edo jatetxe bat toki hobea dela pentsatzen dugun bezala.

Lekeitio Cittaslow bat da eta filosofia horrekin bat dator zinea den gertaera kultural bitxi hau.

Zinemazaleen Elkartea

2013ko Abuztuan Lekeition geratzen zen zine areto bakarra itxi egin behar zutela zabaldu zenean herrian, jende asko kezkatzen hasi ginen. Bazirudien udalaren laguntzak eta parrokiak (aretoaren jabeak) emandako erraztasunak ez zirela nahiko Fides Nortek “Ikusgarri” ustiatzen jarraitzeko.Ixteko erabakiaren arrazoi nagusia, proiekzio tresneriaren berriztatzeak suposatzen duen kostua zela jakinarazi zuten. 2014tik aurrera estreinaldiko pelikulak formato digitalean etorriko dira, hortaz nahitaiezko baldintza da proiekzio tresneria egokitzea pantaila handian ikusi ahal izateko.
Ikusgarri bazkideekin

Zineaz giro egokian gozatzeraren alde gaudenok (zine aretoan, noski), laster urduritu ginen eta han eta hemen sortu ziren, modu espontaneoan, egoera konpontzeko zerbait egin behar zela pentsatzen zuten talde eta banakoak. Bakoitzak bere ideiak, proposamenak eta ekimenak zituen.

Elkarren berri jakin genuenean, laster antolatu zen deialdi zabal bat modu naturalean eta berezkoan, konponketa bat bilatze aldera.

Lehenengo batzarretan ekimenak ondo zehaztu gabe zeuden, baina azkar hasi zen bide bat zabaltzen. Idatzi honen lerroetan erakutsi dugun zinearen aldeko “filosofia” eta usteak utzi alde batera eta errealitatera eta zenbakietara joan beharra zegoen lehenbizi nola lortu ekimen hau gauzatzea? Nola lortu Fides Norte enpresa egiten ausartu ez zena, eskarmentu gabeko pertsonak aurrera eramatea?

Abantaila handi bat daukagu: gure ekimen honek ez du irabazirik bilatzen (era berean, ezin dugu galerarik ez zorrik onartu).

Bestalde, badauzkagu antzeko egoerei aurre egiteko erabili diren ekimenen ereduak. Batez ere bati jaurti genion begia: Palma Mallorcako CINECIUTAT izeneko ekimenari. Ekimen hau ideia nagusi baten inguruan oinarritzen da: kuota bat ordainduz, bezeroak bazkide bihurtzen dira, eta elkarteak era amankomunean kudeatzen du zine aretoaren antolamendua eta gestioa.

Ekimenak aspaldiko auzolana eta gaur egun hain entzutetzua den crowfunding-a uztartzen ditu.

Gure lehenengo pausua ideia honetan parte hartzeko prest egongo litzateken bazkide kopurua jakitea izan zen.

Aretoaren aurreko kudeatzaileak eta Cineciutateko kideak emandako informazioan oinarritutako kalkuluen arabera, bagenekien helburua burutzeko gutxieneko batzuk behar genituela. Sare sozialak, ahoz ahokoa eta beste bide batzuk erabili ziren deialdia egiteko.

Asuntoa ez da izan zenbat jende dagoen prest babes “morala” emateko jakitea, baizik eta zenbat jendek hartuko lukeen parte proiektu honetan kuota bat ordainduz, hau da bazkide bihurtuz.

Erantzuna izugarria izan da. Gizon eta emakume, zahar eta gazte, ingurukoak, herritar peto edo aldizkako lekeitiar, gure kalkuluak sobera gainditu dira. Goratxoago gazteen kontsumo ohitura berriak gutxiespen-zentzuan aipatu baditugu ere, esan behar dugu makina bat jende gazte dagoela zine aretoa berrirekitzearen aldeko ekimen honetan. Iruditzen zaigu sarreren salneurria altuak eta sarritan pelikulak programatzeko orduan antzematen den utzikeriak aldentzen dituela ikusle gazteak zine aretoetatik, besteak beste.

Ekimena aurrera eramateko, 2014. urte honetan inbertsio haundi bat egin beharra dago: zine digitalaren proiekzio-tresneria eskuratzeak dakarrena. Inbertsio hau behin egin beharko litzake. Aurrerantzean, ezer berezirik gertatu ezean, filmeen alokagailu, elkarte bezala dagozkigun zergak eta gastu orokorrak izango dira (mantentze-lanak barne) egin beharreko gastuak.

Aretoa zabalik mantentzea suposatzen duten lanak amankomunean egingo dira (leihatilan egon, atezain lana egin, garbiketa,…); salbuespena proiekzio tresneria erabiltzea da, lan hori trebatuta dagoen norbaiten eskuetan geratu behar da beti. Edozein kasutan, etorkizunean, zine aretoa ixtearekin galdu diren lanpostuak berrezkuratzea nahiko genuke, oinarrizkoenak behintzat.

Bezeroak bazkide bihurtzea bada helburua ere, ez da izango nahitaiezko baldintza zinea ikusi ahal izateko; orain arte bezala sarrera ordainduta sartu nahi duenak ere aukera izango du (bezeroa izanik merkeago aterako zaio, noski).

Laburpena

Zinemazaleen Elkartearen jomuga ez da dirua irabaztea. Helburu nagusia “Ikusgarri” aretoa berreskuratzea da, zinea kultur gertakizuna dela uste dugulako .
Ikusgarri sarrera

Guretzat zine areto bat ez da eraikin arrunt bat. Gure ustez elkarrizketa, dibertsio eta ikaste bilgune bat da. Bertan hasi eta hezi garelako, zine areto batek arima daukala esango genuke.

“Ikusgarri” aretoa itxita dagoenean ere, ez dago hilda. Gure barreak eta negarrak, gure lagun arteko txantxa eta olgetak, gure ixileko laztan izkutuak, gure ikarak, izualdi eta ezustekoak, gure desio eta ametsak azken finean, airean dabiltza dantzan .