Euskara eta zinema batzen dituen Lekeitioko jaialdiak bere 47. edizioa ospatuko du aurten. Euskara hutsez egiten den jaialdirik zaharrena da Euskal Zine Bilera eta oso harro gaude urte hauetan guztietan gure hizkuntza sustatu eta hedatzeko egindako lanarekin.
Zine berria egin eta istorio berriak kontatu nahi dizkiguten sortzaileetara heltzea du helburu gure jaialdiak. Urte bat gehiago, euskal ikus-entzunezkoen sorrera bultzatzeko lan egingo du Sail Ofizialeko Lehiaketak, hainbat sari ezberdinduz.
Euskal Zine Bilera urriaren 17tik 20ra ospatuko da Lekeitioko Ikusgarri zine aretoan eta bertan ikusi ahalko dira Sail Ofizialera heldu diren lan guztiak.
Lanak aurkezteko epea uztailaren 30era bitartean mantenduko da zabalik eta oinarriak zinebilera.eus webgunean egongo dira eskuragarri.